Hemen inor ez da gorritzen

Posted on Actualizado enn

Ustelkeria kasuak gero eta agerikoagoak diren honetan, badirudi jada ezerk ez gaituela harritzen. Apurtuta dagoen Estatu baten aurrean gaude, kasu horiei guztiei era sarkastikoan erantzuten ari den Estatu baten pean. Gainerako alderdi politikoen oposizioa, salbuespenak salbuespen, aho txikiarekin aritu ohi da salaketa eta erantzukizun eske. Herritarren artean, bestalde, egungo krisialdi ekonomikoaren ondorioz etsiak jota, inpotentzia da nagusi ustelkeriaren aurrean.

Izan ere, ez dugu urrutira joan behar legea urratu dezaketen praktikak ezagutzeko eta praktika horiek herritarrontzat dakartzaten ondorio bidegabeez jabetzeko. Herritarrok gara, hain zuzen ere, zenbait jaun txit agurgarrik egindako zuloak ordaintzen ari garenok. Gurean bertan, Gasteizen, ikerketa batzordea irekia du udalak oposizioaren ekimenez. Bertan, San Antonio kalean udalak diru publikoarekin ordaintzen duen alokairu baten nondik norakoak aztertzen ari dira. Errentamendu-kontratuak era ilunean egin izanaren trazak ditu eta, antza, abantailazko trataera eman omen zaio lokalaren jabeari.

Hona hemen afera honen inguruan argitu beharko liratekeen hiru gako, labur-labur:

1.- Lokalaren alokairua eta lokalaren beraren eraberritze lanak (udalaren kontura eginak), ez ziren lehiaketa bidez esleitu. Horrela, udala ohiko bidetik aldendu zen eta zuzeneko adjudikaziora jo zuen, behar lukeen moduan justifikatu gabe. Udaleko zerbitzu juridikoak aditzera eman duenaren arabera, ez omen da modu egokian arrazoitu ondasunaren beharra ezohiko bide horretara jotzeko.

2.- Eskandalagarria da, eskandalagarria denez, adostu zen errentaren eguneratzea. Hitzartutako alokairu-kontratuan KPI + 9 punturainoko errenta-aktualizazioak ere izan litezkeela aurreikusi baitzen.

3.- Kontratuan ohi ez bezalako blindatzea adostu zen. Nahiz eta etorkizun hurbilean udalak alokairua bertan behera utzi, derrigortuta egongo baita, kontratuak dirauen 20 urteetan zehar, SBAYRE S.A.ri ordaintzera. Hala ere, berriki, udalak aldaketa adostu du jabearekin, hitzarmena bertan behera utziko balitz, geratuko liratekeen kuoten %50 “soilik” ordaintzeko. Gaitz erdi.

Alfonso Alonso alkate zenean alokatu zuen udalak lokala. Azpimarratu behar da, alokatzeko erabakiaren egikaritzea bere agintaldiaren azken asteetan burutu zela, udaleko indar korrelazioa irauli zezaketen (horrela izan zen gainera) hauteskundeak gainean zituenean, alegia. Zuzeneko adjudikazio batez ari gara eta orain, gainera, garaiko alkateak uko egin dio ikerketa egiten ari den udal-batzordean aurrez-aurre azalpenak emateari, beti ere, egungo udaleko gobernu-taldearen babes osoa daukala jakinda. Afera larri honen baitako gehiegikeria bat gehiago, axolagabekeria politiko onartezina, baiki, non zerga bidez bildu diguten diru publikoa interes pribatu zehatzen probetxurako xahutu eta erabakia hartu zuen garaiko ordezkari instituzionalak ez duen ikerketa batzordearen aurrera azaltzeko inongo asmorik.

Gauzak horrela, haserrea eta ezinegona ohikoa bihurtu zaigu baina, orain arte, herritarrongan jarrera pasiboa izan da gailendu dena. Argi ikus daiteke, gure ordezkari politiko profesionalek ez dutela jendartearen presioa nozitzen, etorkizun hurbilean, horrelako erabaki kaltegarriak berriro hartu baino lehen, bi aldiz pentsa dezaten. Krisiaren izenean murrizketak nagusitzen ari diren sasoi honetan, gaur gaurkoz, ustelkeria kasu hauek sortarazten duten nekea eta haserrea ez da kalean islatu.

Aitzitik, politikariei funts publikoen kudeaketan gardentasuna eta jendartearen aldetik beraien erabakiekiko kontrol publikoa exijitu behar zaizkie eta ez soilik hauteskunde garaian. Hautatu eta hautatua izateko eskubideak ezin dio-eta, nork bere nahierara jokatzeko zilegitasunik eskaini inori.

Instituzio eta erakunde publikoetan behar-beharrezkoak da kontrol zuzena eta jendartearen parte hartzea, modu eraginkorrean, ahalbidetuko duten tresnak ezartzea. Ondasun publikoaren kudeaketaren gardentasuna bermatzea. Baliabideak, benetan, interes publikoaren zerbitzura bideratu daitezen eta ez ezkutuko interes pribatuetara.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s