Azken orduak BBKrentzat eta Vitalentzat

Posted on

Aurrezki kutxa izateari utzi, eta banku fundazio bihurtuko dira gaur, batzar orokorrek onartzen badute.

2014-06-30 / Ivan Santamaria

Euren historia luzean egun garrantzitsuenetako bat dute gaur Bizkaiko eta Arabako aurrezki kutxek, BBK-k eta Vital Kutxak. Batzar orokorrek bi erakundeetako administrazio kontseiluek egin duten proposamena onartuz gero, aurrezki kutxa izateari utziko diote, izen bereko banku fundazio bihurtzeko. Aurrezki kutxak 100 urte baino gehiago dituzten erakundeak dira (164 Arabako Vital Kutxak, hain zuzen ere), eta gaur biak desagertuko dira, beti izan duten forman bederen.

Bi kutxek arratsalderako iragarri dituzte batzar orokorrak. Lehenbizikoa BBK izango da. Arratsaldeko lauretarako du deitua bilera, Bilboko Kale Nagusiko egoitzan. Vital Kutxaren kasuan, bi ordu geroago hasiko da bilera, erakundeak Salburuko hezeguneen parean duen eraikinean.

Banku baten jabetzan parte hartzea duten kutxei urtebeteko epea eman zien legeak banku fundazio bihurtzeko. Epea abenduaren 29an amaituko litzateke, baina BBK eta Vital aurreratu egin dira. Erabaki horrek eta moldaketa prozesuak polemika handia sortu dute. EH Bilduk salatu du egoera, eta gaurko batzarrak atzeratzeko eskatu die bi kutxei. Gauza bera egin du gehiengo sindikalak.

BBK eta Vital fundazio bihurtzeko akordioa lortu zuten EAJk eta PSE-EEk. Ondoren, PP ere batu zitzaien. Hiru alderdien ustez, saihestezina da aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzea, legeak aginduta. Akordio horrek gaurko batzar orokorretan proposamena aurrera atera ahal izatea bermatzen die, beharrezko gehiengoa dutelako. Patronatuetako ordezkariak banatu dituzte hiru alderdien artean, EH Bildu kanpoan utzita. Kutxan egoera bestelakoa da, eta, oraingoz, banku fundazio bihurtzeko erabakia udazken arte atzeratu da. Xabier Sagredok fundazio bihurtutako BBKren agintaritzan jarraituko du, eta gauza bera gertatuko da Fernando Arangizekin Vitalen.

EH Bilduk, berriz, fundazio bihurtzea ezinbestekoa den edo ez aztertzea exijitu du, eta, hala balitz, kontrol publikoa bermatzeko neurriak galdegin ditu. Erabaki honekin kutxek Kutxabanken duten kontrola galtzeko eta inbertitzaile pribatuak sartzeko arriskua ikusten dute. Gaurko batzarren aurrean, pribatizazioaren aurkako elkarretaratzeak antolatu ditu Gunek, sindikatuen eta gizarte erakundeen plataformak. Joan den astean Kutxabankeko jabetza eta kontrola pribatizatzearen aurkako manifestazioa egin zuten, Bilbon.

Fundazioen zuzendaritza hamabost pertsonako patronatu batek hartuko du. EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartua dute eserlekuen banaketa. BBKn jeltzaleek bederatzi patronatukide izendatuko dituzte, PSE-EEk hiru, eta bana PPk eta CCOOk. Independente bat ere izango da, Autismoak kaltetutako familien elkartekoa (interes kolektiboen ordezkaria). Vitalen gehiengoa PPk izango du, zortzi ordezkarirekin; EAJk lau izango ditu, beste bi PSE-EEk, eta azkena CCOO sindikatuak proposatu du. EAJk ukatu egin du urrats honek aurrera begira Kutxabanken pribatizazioa ekarriko duela.

Abenduan hasitako prozesua

Gaur egun duten egiturarekin eta tamainarekin aurrezki kutxak fundazio bihurtzera behartzen dituen 26/2013 legea Espainiako Gorteek onartu zuten, iazko abenduan, PPren eta EAJren aldeko botoekin. Bi hilabete geroago aurrezki kutxen moldaketa sakon bati ireki zizkion Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak.

Legeak ezarritako baldintzen ondorioz, kutxek jabetza osoari eustea ezinezkotzat jo du Fernandezek, eta akzioen parte bat inbertitzaile pribatuei saltzea beharrezkoa izango dela ziurtatu du, gizarte ekintzari eusteko. Prozesuaren bukaeran kutxek, fundazio bihurtuta, jabetzaren %30 baino ez izatea aurreikusi du. Maiatzerako bankuko administrazio kontseiluari bide orri zehatz bat aurkeztuko ziola iragarri zuen, baina ez du oraindik egin.

Kutxak fundazio bihurtu ondoren, hiru hilabete dituzte Espainiako Bankuari Kutxabanken duten parte hartzea nola kudeatuko duten jakinarazteko, finantza plan baten bidez. Jabetzaren parte bat saltzea erabakitzen badute, legeak bost urteko epea ematen die prozesua bururaino eramateko.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s