Ustelkeria kasuen inguruko jarraipena

Posted on Actualizado enn

Adi (3)Adi! ustelkeriaren aurkako elkartea egungo erralitateak eta batez ere gestio publikoaren kudeaketan ikusten diren ustelkeria kasuek kezkatuta, herritarrek egindako deiaren ondorioz sortu da. Jasotzen ditugun kasuen jarraipena egin eta irregulartasun zantzuak atzeman ezkero ikerketa abiatzeko asmoarekin.

Anuncios

“Orain arte, denon diruarekin, interes jakin batzuk saritu dituzte”

Minientrada Posted on Actualizado enn

Arabako Hitza (2014/02/14)

San Antonio kaleko lokalen afera tarteko, Gasteizko Udala “ustelkeria kasuetan” nahastuta dagoen susmoa piztu da. Hori dela eta, herritar talde bat bildu da haserrea agertu eta herritarrei erantzuteko eskaera egiteko; “kudeaketa eredu gardena” eskatzeko ordua dela uste du Unai Mendizabalek (Bilbo, 1974).

Herritar talde moduan agertu zarete, baina zein bilakaera izan duzue? Nola elkartu zarete?

Ez gara kolektibo bat, norbanakoz osatutako herritar talde bat baizik. Guztiok ibili izan gara hainbat herri mugimendutan, auzo elkarte eta beste hainbatetan. Gasteizko San Antonio kaleko lokalak direla-eta udalean egiten ari diren ikerketa batzordea aztertzeko elkartu ginen, asko kezkatzen gaituelako zigorgabetasunak halako kasuetan.

San Antonioko aferaren balorazioa ezagutarazteko egin duzue agerraldia. Nola ikusi duzue ikerketa batzordea izaten ari den ibilbidea?

Behingoagatik ikerketa batzorde bat eratu da, eta ez da gutxi, baina nahiko kritiko eta kezkaz ikusten dugu auzia. Jarraipena komunikabideetatik egin dugu; beraz, ez daukagu beste herritarrek baino askoz informazio gehiago. Kezkatuta gaude ikusita nola joan den ikerketa batzordea. Alfonso Alonso alkate ohiak esan du ez duela asmorik bertara joateko, eta egiten zaizkion galderak idatziz erantzungo dituela. Udalak jarrera hori babestu du, eta guri oso larria iruditzen zaigu. Horrek jarrera harroputza eta herritarrekiko begirunerik eza erakusten du. Zoritxarrez, baliteke erantzukizun politikorik ez ematea.

Hala ere, zuen eskaerak kasu honetatik harago doaz. Zer eskatzen duzue zehazki?

Gardentasuna. Erakundeen aldetik kudeaketa garden bat, eta guztionak diren ondasunak ez daitezela erabili interes partikular batzuei laguntzeko. Ikusi besterik ez dago; orain arte denon diruarekin interes jakin batzuk saritu dituzte. Gainera, gaur egungo krisi testuinguruan are gogorragoa da egoera; gerrikoa estutzeko eskatzen digute, baina egoera honetan egotea ez da herritarron erantzukizuna. Erantzukizuna dutenei, aldiz, oso merke ari zaie irteten hau guztia.

Adierazi duzue jendeak ere ez duela behar beste erantzuten. Zergatik izan daiteke?

Zaila da jakitea, baina, agian, arazoa da ez dugula erantzuteko bitarteko nahiko eta egokirik. Haserretu bai, baina nola bideratu eta egin zerbait baliagarria izan daitekeena? Hori da jendeak galdetzen duena, arrazoi guztiarekin. Manifestazio bat edo kale agerraldi bat askotan ez da nahikoa, ez baitute irtenbide zuzenik ematen beti. Gaur egun, eztabaida horretan gaude gu ere, taldeko kideok, hausnartzen zer egin dezakegun herritar bezala halako kasuak amaitzeko. San Antonioko ikerketa batzordea amaitutakoan baloratuko dugu zer egin eta nola jakinarazi gure ikuspuntua Gasteizko gizarteari.

Hemen inor ez da gorritzen

Posted on Actualizado enn

Ustelkeria kasuak gero eta agerikoagoak diren honetan, badirudi jada ezerk ez gaituela harritzen. Apurtuta dagoen Estatu baten aurrean gaude, kasu horiei guztiei era sarkastikoan erantzuten ari den Estatu baten pean. Gainerako alderdi politikoen oposizioa, salbuespenak salbuespen, aho txikiarekin aritu ohi da salaketa eta erantzukizun eske. Herritarren artean, bestalde, egungo krisialdi ekonomikoaren ondorioz etsiak jota, inpotentzia da nagusi ustelkeriaren aurrean.

Izan ere, ez dugu urrutira joan behar legea urratu dezaketen praktikak ezagutzeko eta praktika horiek herritarrontzat dakartzaten ondorio bidegabeez jabetzeko. Herritarrok gara, hain zuzen ere, zenbait jaun txit agurgarrik egindako zuloak ordaintzen ari garenok. Gurean bertan, Gasteizen, ikerketa batzordea irekia du udalak oposizioaren ekimenez. Bertan, San Antonio kalean udalak diru publikoarekin ordaintzen duen alokairu baten nondik norakoak aztertzen ari dira. Errentamendu-kontratuak era ilunean egin izanaren trazak ditu eta, antza, abantailazko trataera eman omen zaio lokalaren jabeari.

Hona hemen afera honen inguruan argitu beharko liratekeen hiru gako, labur-labur:

1.- Lokalaren alokairua eta lokalaren beraren eraberritze lanak (udalaren kontura eginak), ez ziren lehiaketa bidez esleitu. Horrela, udala ohiko bidetik aldendu zen eta zuzeneko adjudikaziora jo zuen, behar lukeen moduan justifikatu gabe. Udaleko zerbitzu juridikoak aditzera eman duenaren arabera, ez omen da modu egokian arrazoitu ondasunaren beharra ezohiko bide horretara jotzeko.

2.- Eskandalagarria da, eskandalagarria denez, adostu zen errentaren eguneratzea. Hitzartutako alokairu-kontratuan KPI + 9 punturainoko errenta-aktualizazioak ere izan litezkeela aurreikusi baitzen.

3.- Kontratuan ohi ez bezalako blindatzea adostu zen. Nahiz eta etorkizun hurbilean udalak alokairua bertan behera utzi, derrigortuta egongo baita, kontratuak dirauen 20 urteetan zehar, SBAYRE S.A.ri ordaintzera. Hala ere, berriki, udalak aldaketa adostu du jabearekin, hitzarmena bertan behera utziko balitz, geratuko liratekeen kuoten %50 “soilik” ordaintzeko. Gaitz erdi.

Alfonso Alonso alkate zenean alokatu zuen udalak lokala. Azpimarratu behar da, alokatzeko erabakiaren egikaritzea bere agintaldiaren azken asteetan burutu zela, udaleko indar korrelazioa irauli zezaketen (horrela izan zen gainera) hauteskundeak gainean zituenean, alegia. Zuzeneko adjudikazio batez ari gara eta orain, gainera, garaiko alkateak uko egin dio ikerketa egiten ari den udal-batzordean aurrez-aurre azalpenak emateari, beti ere, egungo udaleko gobernu-taldearen babes osoa daukala jakinda. Afera larri honen baitako gehiegikeria bat gehiago, axolagabekeria politiko onartezina, baiki, non zerga bidez bildu diguten diru publikoa interes pribatu zehatzen probetxurako xahutu eta erabakia hartu zuen garaiko ordezkari instituzionalak ez duen ikerketa batzordearen aurrera azaltzeko inongo asmorik.

Leer el resto de esta entrada »